Txosteko jokalariak, joan den igandeko partidan
Enrike Abril Errebote Txapelketa finalaurrekoetan sartuta dago dagoeneko, baina Oiartzungo Txost taldeak ez du fase horretara pasatzerik izan.
Aurten lehen aldiz oiartzuarrek osatu dute taldea, Peio Etxeleku entrenatzaile donibandarrarekin batera. “Esperientzia falta izan dute zenbait unetan, baina hori normala ere bada, arerioen maila zein den kontuan hartzen badugu. Dena den, ez dute itxura txarrik eman eta batez ere Baigorrikoen kontra garaipenetik gertu ere egon ziren (9-13)”, adierazi dute Txosteko kideek. Uztaritzeko Kapito Harri taldearen kontra, aldiz, 3-13 galdu zuten.
Igande honetan, hilak 27, txapelketako finalaurrekoa hartuko du Beheko Plazak. Donibane Lohizuneko Luzaz Gaztek eta Uztaritzeko Kapito Harrik jokatuko dute elkarren kontra. 11:00etan hasiko da partida. Euskal Herriko bi talde indartsuenak izango dira aurrez aurre, “goi mailako errebotea ikusteko aukera, beraz, Oiartzunen igandean”.
Palako asteburuko emaitzak
Txost 1 taldeak Gaztelekuren kontra zuen partida, baina azken horiek agertu ez zirenez emaitza 40-0 gelditu zen. Txost 2k eta Txost 3k elkarren kontrako partidan zuten eta 40-24 gelditu zen markagailua.