Dagoeneko izena eman daiteke Xenpelar Bertso Eskolak antolatutako Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala bertsopaperetarako. Lehenengoa 17 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta bestea, berriz, 16 urtetik beherakoei. Aurten, gainera, bi lehiaketek zenbaki biribila betetzen dute: mende laurdena Zapirain Anaiak eta 15 urte Ibon Zabalak.
Lanak azaroaren 22a baino lehen entregatu behar dira
bulegoa[a bildua]lauhaizetara.net posta elektronikoan eta honako helbide honetan: Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea-Xenpelar Bertso Eskola. Pablo Iglesias etorbidea, 121, 181 posta kutxa, 20100, Errenteria-Orereta. Informazio gehiago ere 943 34 01 43 telefono zenbakira deituta lor daiteke.
Zapirain Anaiak
Helduen lehiaketari dagokionez, sorta bakoitzak zortzi bertso gutxienez eta hamalau gehienez eduki beharko ditu, eta gehienez hiru sorta entregatu beharko dira. Irabazleak 700 euro eta oroigarria emango ditu abenduaren 22a egingo den ekitaldian. Era berean, bertso horiek ere kantatu beharko dira. Bigarrenak, berriz, 400 euro lortuko ditu.
Ibon Zabala
Gazteen lehiaketara aurkeztuz gero, sorta bakoitzak lau bertso gutxienez eta sei gehienez eduki beharko ditu, eta gehienez hiru sorta entregatu beharko dira. Lehenengo saria 250 euro eta oroigarria izango dira, eta bigarrena berriz, 150 euro.
Bi kasuetan, posta arruntaren bidez bidaltzen dutenek jatorrizkoa eta bi kopia bidali beharko dituzte gutun azal batean eta horren barruan beste gutun azal txikiago bat datuekin (izena, helbidea eta telefonoa). Posta elektronikoaren alde eginez gero, berriz, bi dokumentu bidali beharko dira, bata lanarekin, eta bestea, berriz, egilearen datuekin.