Markel Olano eta Xabier Iridoy, atzo, Irunen
Markel Olano EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ alderdiaren bozeramaileak bisita egin zuen atzo Irunera. Bertan hiriaren gaineko hainbat gogoeta egin zituen, prentsa agerraldian, EAJren hiriko udal taldearen buru Xabier Iridoyrekin batera. Euren agerraldiaren muinak bide azpiegiturekin izan zuen harremana, eta bi eskaera garbi egin zizkioten lehena Gipuzkoako Foru Aldundia kudeatzen dutenei, beste Irungo alkateari.
Aldundiari egindako kritikan bi plano nabarmendu zituen Xabier Iridoyk. Lehena, zehatzagoa, zeinetan eskatzen du aldundiak jada Irunerako “eginda” dituen egitasmoak gauza ditzala, hiriko saihesbidearen zabaltzea edo A-8 autobidearekin hirugarren lotura egitea, eta bigarrena, orokorragoa: bi lan horiek gabe Irun “mugikortasun arazo handi baten aurrean” dagoela esan du jeltzaleen eledun irundarrak, “irundarren elkarbizitzarako ezinbestekoak dira egitasmo hauek, eta lehentasuna eman behar die horiei Santano alkateak ere”.
Markel Olanok, bere aldetik, Iruni udalerri bezala duen garrantzia aitortu zion, eta aldundian hiriaren alde lan egingo duela ziurtatu zuen, “bide azpiegiturek bultzada garrantzitsua behar dute Irunen, eta lan horiek egiteko diru partidak sartu eta babesa emateko konpromisoa dugu”. Hein berean, Bidasoko Ospitalearen parean GI-636 errepideko pasabidearen eraikuntza babestuko duela iragarri zuen Olanok; aldundiak 990.000 euroko aurrekontua prest du horretarako.