San Markoko obrak adjudikatu dituzte
Denis Itxaso San Markoko Mankomunitateko presidenteak eta Jose Angel Rodriguez alderdikide eta Errenteriako PSE-EEko bozeramaileak San Marko zabortegiko obren berri eman dute gaur. Itxasok jakinarazi duenez, dagoeneko adjudikatu dituzte zabortegia zigilatzeko lanak, eta FCC Moyuak egingo ditu, 3.070.000 euroren (BEZa aparte) truke. Obra horiek azaroaren erdialdean hasiko dituzte, “bigarren eta hirugarren aste inguruan”, zehaztu du Itxasok.
Obra horietan jarriko dute zabortegia estaliko duen kapa berdea. Horrekin San Marko eta zabortegiaren inguruko paisaia lehengoratzeko falta den hutsune bakarra beteko dute.
Joan den asteazkenean onartu zuten San Markoko batzordean obren adjudikazio, eta Itxasok nabarmendu duenez, “Bilduk ez zuen adjudikazioa babestu”, abstenitu egin zelako. PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko botoekin atera zen aurrera.
“Hobekuntzak”
Adjudikazio horrekin hainbat “hobekuntza” lortu dituztela esan du Itxasok. Obrak egiterakoan usainak pairatu beharko dituzte zabortegitik gertuen dauden auzoetako biztanleek (Beraun, Pontika eta Galtzaraborda kasu) lurra mugituko dutelako. Hala ere, enpresak kalte hori arintzeko lurra “zatika” mugituko duela proposatu die. Zentzu horretan, egiten duten heinean tapatu egingo dutela azaldu du mankomunitateko presidenteak. Era berean, obrak “lehenbailehen” hasi nahi dituzte, lehenengo zatia izango baita gogorrena usainei dagokionez, eta hori neguan egin nahi dute.
Oraindik, ordea, transferentzia gunea “halabeharrez” San Markon geratuko dela adierazi du Itxasok, eta horren erantzule Bildu egin du, “hondakinekin zer egingo duen argitzen duen arte”.