PSE-EE eta EAJren proposamenak arduragabetzat jo ditu udal gobernu taldeak
Ordenantza fiskalen proposamen berria egin du udal gobernu taldeak, oposizioaren eskaerak kontuan hartuta. Julen Mendoza alkateak uste duenez, “ez da arazorik egon behar proposamena onartzeko”. Dagoeneko alderdiek eskuartean dute proposamena, eta datorren astearteko plenoan aterako dute bozketara.
Lehen proposamenari egindako aldaketak honakoak dira: OHZ, eta mahaitxo nahiz terrazen gaineko zergak izoztea; ur kontsumoa, potentzia txikiko ibilgailuak eta TAOren egoiliar txartela izoztea; merkataritza jarduera sustatzeko neurriak mantentzea; hutsik dauden etxebizitzen OHZren gainkargan salbuespen berriak sartzea; eta gainerako tasa eta zergei dagokienez, uztaileko urte arteko KPIren (%2,2) azpitik dagoen beste kopuru baten araberako igoera ezartzea. Mendozak aurreratu duenez, %1,7koan ari dira pentsatzen, nahiz eta oraindik zehaztuta ez izan.
Bilketa gutxituta, irismen gutxiago
PSE-EEk eta EAJ egin dituzten proposamen harira, “arduragabeak” direla iritzi dio Mendozak, eta interes partidista eta elektoralei erantzuten dietela. Udalaren hasierako proposamena kontuan hartuta, KPIren igoera aplikatuta baino %45 gutxiago jasoko luketela adierazi du, eta PSE-EE eta EAJren kasuan %80tik gorako jaitsiera. Mendozaren arabera, horrek diru sarreren galtzea eta egoera larrian dauden pertsonengana ez iristea ekarriko luke.
Zentzu horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia izanagatik, udalak 117.000 euroko aurrekontua prestatu zuela larrialdiko gizarte laguntzetarako, eta gainera, kopuru horri beste 130.000 euro batu dizkiola, maiatzerako aurreikusitako laguntzak bukatzear zirelako.
Horrez gain, gezurtatu egin du Mendozak diruzaintzan soberakinak dituztela. Egun, 396.000 euroko soberakin ez afektatua dagoela onartu du, baina Euskal Finantzen Funtsak jakinarazi dienez, aldundiari itzuli beharko dioten kopurua 472.000 eurokoa izango da. “Beraz, soberakin negatiboa izango genuke”.
Udala ordenantza fiskalen gaian egiten ari den kudeaketak ez duela diru bilketa asmoa adierazi du, baizik eta asmo bakarra bitartekoak edukitzea dela.