Igandean Sanpedrotarra Arraun Elkarteak batzar orokorra egin zuen, gai nagusi batekin: zuzendaritza batzordearen aldaketa. Zailtasunak izan dira azken asteetan zuzendaritza berria osatzeko, inork ez baitzuen hautagaitzarik aurkeztu erreleborako; hilaren 12an egin zuten batzarraren jarraipena izan zen igandekoa. Horrela, asanblean hartutako erabakiaren arabera, presidente kargua Antxon Cormanek hartuko du, eta zuzendaritza batzordean lehendik zeudenetako batzuren laguntza izango du Cormanek, tartean presidente ohi Josetxo Aranburu edo Joxe Manuel Oiarbide ordezkariarena.
Baina arraun elkartea gidatzeko konpromisoa hartu zutenek baldintza zehatza jarri zuten: hasiera batean urtebeteko epean egingo dute lan —epe hori luza daitekeela aitortu dute San Pedrotik—, eta bitarte horretan interesa duen orori jakinarazi diote aukera dutela elkartearen funtzionamendua ezagutzeko, eta nahi balute, bertako zuzendaritzan parte hartzeko. Izan ere, orain arte elkartearen buruan egondakoek amaitutzat eman dute euren urte askotako bidea, eta errelebo eske ari dira.
Entrenatzaile aldaketa
Sanpedrotarra Arraun Elkartearen gidaritzan bakarrik ez. Kirol arloko arduradun nagusian, lehen traineruaren entrenatzailearenean ere aldaketak egongo dira. Hala, Gabi Larrinagak elkartea uztea erabaki, eta haren ordez Hegoi Intxauspek gidatuko du
Libia, entrenatzaile-arraunlari modura —aurreko sasoian arraunlari gisara ibili zen—. B ontziaren ardura, berriz, Isi Sistiagak izaten jarraituko du. Hala, datorren urteko sasoirako taldearen enbor nagusia mantenduko dutela jakinarazi dio Joxe Manuel Oiarbide elkarteko kideak HITZA-ri, “normala izaten den bezala, bajaren batekin”.
Hala, joango direnen artean daude Urko Kortajarena (San Juanera doa), Igor Agirregomezkorta (Portugaletera doa) eta Gabi Larrinaga bera. Eta Oiarbidek gezurtatu egin ditu hainbat hedabidetan atera diren informazioak, Gabi Larrinagaren adioarekin harremana zutenak: “Ez da egia arraunlari asko San Pedrotik joango direnik Gabi joango delako. Blokea mantenduko dugu”.