Gabonetara begira jarri dira jada Irunen
Gabonak hurreratzen ari dira pixkanaka. Horregatik, Irungo Udalak bi deialdi egin ditu, bat Olentzerotako kantu jaialdiarena, bestea jaiotzen erakusketarena. Biak ala biak bi mailatan daude banatuta: 16 urtetik beherakoena, eta gorakoena. Bietan parte hartzeko epemuga abenduaren 13an jarri dute, eta izena emateko aukera Bezeroen Arreta Zerbitzuan (BAZ) dago.
Olentzerotako kantu jaialdia abenduaren 24an egingo dute, 19:00etatik aurrera, San Juan plazan. Jaiotzen erakusketa, berriz, abenduaren 20an zabalduko dute urtarrilaren 5ean ixteko, Amaia KZn. Hala, erakusketarako jaiotzak eta Olentzeroak entregatu behar dira abenduaren 18 eta 19an, 15:00etatik 21:00etara, Amaia KZn. Sail bakoitzeko lehen lauek 50 euroko saria izango dute.