Zorion Ortigosa, LAB: "Gaurtik aurrera espetxean jarraitzen duten minutu bakoitza bahiketa bat da"
“Lehenik eta behin ebazpen honek erakusten edo berresten duena da orain arte presoak bahituta egon direla eta gaurtik aurrera espetxean jarraitzen duten minutu bakoitza bahiketa bat da. Orain arte zen bezala baina orain Estrasburgok esan du bahiketa bat dela. Hortaz, lehen gauza da parot doktrina aplikatu zaien preso guztiak berehala kalera atera behar direla.
Guretzat hau inflexio puntu garrantzitsua izan behar da nolabait Espainiako Estatuak batik bat —Frantziako estatuak ere— daraman espetxe politikarekin amaitzeko. Espetxeak husteko garaia da, ez du inongo zentzurik konponbide prozesu batean oraindik espetxe politika erabiltzea zigor gisa. Eskualdean gaixo larriak ditugu eta baita baldintzapeko askatasunean egon beharko luketen presoak eta horiek lehenbailehen atera behar dute. Prozesu bat diseinatu beharko da espetxeak husteko eta preso politiko guztiak kalera ateratzeko.
Hau, dena den, ez da erlaxatzeko momentua baizik eta prozesua aktibatzeko. LAB eragile moduan eta baita beste eragileei eskatu behar zaiena da prozesu horretan parte aktibo izatea eta elkartasunetik konpromisora pasatzera, horretarako momentua da”.