197/2006 doktrinaren haritik egindako elkarretaratzea
Estrasburgoko ebazpenaren haritik hainbat oiartzuar Doneztebe plazan bildu dira. Goizean Europako giza eskubideen auzitegiak
197/2006 doktrinaren aurkako erabakia hartu du eta hori “albiste ona” dela nabarmendu dute bildutakoek: “Esan dezakegu konponbiderako oztopo den salbuespenezko espetxe politika pitzatzen hasi dela, eta hori albiste ona dela euskal jendartearentzat”.
Horrez gain, “ona da giza ikuspegitik, askatasuna ekarriko duelako espetxean haien bizitzako 20, 25 edo 30 urte eman dituzten hainbat lagunentzat”, esan dute. Dena den, ohartarazi dute Espainiako estatuak presoak ahalik eta denbora gehien kartzelan mantentzen saiatuko direla.
Espainiako Gobernuari eskaera bat ere luzatu diete: prozesua arduraz kudeatzeko eta gizartean alarma sor lezakeen eta gatazka, gorroto edo mendekurako pizgarria izan litezkeen muturreko jarrerak albo batera uzteko.
“Kaleak hartzen jarraitzeko” deia egin dute, “presioa egiten”: “Hor gure ekarpena, Oiartzunen itoti guztiak elkartu eta errioa handitzen jarraitu behar dugu, ondoren Euskal Herriko itsasoa handitzeko”.
Azken ostirala eta bizikleta martxa
Heldu den ostirala hileko azken ostirala izango denez, kartelada izango da 20:00etan Doneztebe plazatik abiatuta eta igandean preso eta iheslarien aldeko bizikleta martxa izango da 10:00etan Gurutzetik abiatuta.
35/02 sumarioa edo
herriko tabernen auzia ere gogoratu dute eta horren haritik Bilbon larunbatean egingo den manifestaziorako deia egin dute. Autobus zerrendak ohiko tokietan daudela jakinarazi dute.