Iazko San Tomas azokaren irudia da honakoa, Irunen
Abenduaren 21eko San Tomas azokarako hainbat xehetasun ari da lantzen Irungo Udala. Horietako bat da postuen kopurua: aurten 25era mugatu du, eta ezarri du sektore bakoitzeko postuen kopurua. Horregatik, postua jarri nahi dutenei jakinarazi die azaroaren 29ra arte aurkeztu behar dituztela azokan egoteko eskaerak, eta eskaera egiteko inprimakiak BAZen bulegoan daudela. Informazio osoa eta oinarriak
Irungo Udalaren webgunean daude. Horrez gain, txosnak jarri nahi dituztenen eskaera epea aurki zabalduko dela esan du udalak.
Hona, udalak egin duen 25 postuen banaketa, sektoreka:
- Landare, fruta eta barazki postuak: 5.
- Baserriko animalien postuak: 2.
- Ezti postuak: 2.
- Talo postuak: 2.
- Gazta postuak: 3.
- Ogi eta gozogintza postuak: 4.
- Marmelada eta foie-gras postuak: 2.
- Kontserba eta hestebete postuak: 2.
- Artisautza postuak: 3.
Bestalde, San Tomas azokaren barruan ohikoak izaten dira hiriko dantza taldeen emanaldiak. Horiek zehazteko dantza talde guztiak batzarrera deitu dituzte bihar (asteartea=, 13:00etan, Kirol eta Kultura sailean.