Indoor triatloia egingo dute Errenteria-Oreretan
Triatloia kanpoaldeko kirola bakarrik ez dela erakutsiko dute Errenteria-Oreretan, hilaren 27an (igandea), Fanderiko kiroldegian eta inguruan. Goizean izango da proba, 10:30ean.
Partaideek 500 metro igeri egin beharko dute, gero 10 kilometro bizikleta estatikoan, eta azkenik 2,5 kilometro lasterka, Fanderiako bidegorrian barrena, zirkuitu batean.
Hiru modalitate izango ditu: gizonak, emakumeak eta taldeak. Azken horri dagokionez, hiru kirolarik osatutako taldeak aurkeztu beharko dira, eta proba hiru parte hartzaileren artean banatuko da, eta bakoitzak diziplina batean parte hartuko du.
Errenteria-Oreretako nahiz Lezoko kirol instalazioak kudeatzen dituen Serviocio enpresak antolatu du ekintza hori. Hala, izena emateko Fanderia (Errenteria-Orereta) edo Bekoerrota (Lezo) kiroldegietara jo beharko da.
Serviocio Club 12ko partaideek doan parte hartu ahal izango dute, Errenteriako udal kirol instalazioko harpidedunek 3 euro, eta talde modalitatean parte hartzen dutenek 6 euro.