PSE-EEren iritziz, ordenantza fiskalen udal proposamena "eskasa" da
Zerga eta tasa garrantzitsuenak izozteko proposamena egin du Errenteriako PSE-EEk udalaren proposamena jakin ondoren. Zehazki, OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, zaborrak, ura eta estolderia, zirkulazioa, TAO, azoka eta terrazen zergak izozteko eskatu du. Bide batez, etxebizitza hutsen gaineko zerga kentzeko ere proposatu du, “helburuak ez lortzeagatik”. Gainontzeko zergak %1,5 gehienez igotzearen alde egin du PSE-EEk. Azkenik, hobari eta salbuespenei dagokionez, gutxienez iazkoak berdintzea galdegin du.
Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak ezagutarazi du talde sozialistaren proposamena. Hain zuzen, udalak egindako proposamena “eskasa” iruditu zaio PSE-EEri, eta udalak “ahal duen heinean herritarren egoera hobetzen” lagundu behar duela esan du.
Zentzu horretan, talde sozialistak egindako proposamena “bideragarria” dela esan du, aurreko ekitaldian “altxortegian soberakinak” izan direla argudiatuta. Era berean, udal gobernu taldearen “behar ez diren zenbait gastu” ken daitezkeela iritzi dio. Era berean, aldundiari aurten itzuli beharko zaiona “iaz baino hiru aldiz kopuru txikiagoa” izango dela azaldu du.
“Ez dugu ulertzen Euskal Herriak bizi duen egoerarik okerrenean eta Errenterian langabezia %18ra iristen dela batzuk nola egon daitezkeen dirua pilatzeko intentzioarekin”, adierazi du Rodriguezek.