Irungo EH Bilduk bat egin du eragileekin kaleko jardueren ordenantzaren harira
Irungo EH Bilduk bat egin du hiriko hainbat eragilek egiten duten eskaerarekin: kaleko jarduerak arautzeko ordenantzarekin ez daude ados. Are gehiago, gobernu taldeari eskatu diote bertan behera utz dezala proposamen hori, eta irailaren 4an egindako agerraldian esandakoa berretsi du: “Prozesua geldiaraztea eta prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea eskatu genuen”. Hortaz, koalizioko kideek uste dute eurak ez direla bakarrak “parte hartze eza” ikusten dutenak, “poztu egiten gara eragile eta elkarte hauek egindako eskaeragatik. Udala ez da herritarroi eskaini beharko ligukeen parte hartzeko biderik eskaintzen ari. Bada garaia herritarrekin batera elkarlanean aritu eta parte hartzeko bideak zabaltzen hasteko”.
Gauzak horrela, Miguel Angel Paez PSE-EEren Irungo eledunak eragileek astelehenean egindako agerraldian esandakoak erantzun zituen. Paezek eragile horien sinesgarritasuna eta zilegitasuna auzian jarri zuen, eta Irungo 200 eragileetatik “15 bakarrik” zeudela ordenantzaren kontra esan zuen, “15ek zerbait esan badute ere gehiengoak isiltasuna mantendu du”.
Irungo EH BIlduk Paezen hitzei erantzun die, esanaz “eskuin muturreko politikari eta iritzi emaile profesionalen” ahotan gehiago ulertzen dituztela eragileen gaineko iritzi horiek “alderdi sozialistaren eledun baten ahotan baino. Paezek emandako erantzuna tamalgarria iruditzen zaigu”. Eragileen proposamenari “era defentsibo eta negatiboan” erantzun diola PSE-EEk uste du Irungo EH Bilduk.