Eusko Alkartasuna ere ez da izango igandeko manifestazioan
Pasaiako Eusko Alkartasunak (EA) jakinarazi du ez dela izango iganderako San Pedroko bizilagunen asanbladak deitu duen manifestazioan, “ez gara joango sanpedrotar askok San Pedro bizigarri eta modernoago baten alde aurrera eramandako borrokan atzera pauso bat suposatzen duelako”. Horrela, bizilagunen asanbladaren ekimenak “zenbait gidariren interes partikularrak” lehenetsi nahi dituela dio EAk, “sanpedrotar guztienen gainetik”. EAk bere gin du bere garaian bizilagunen elkarteak eta udalak batera aztertu eta aurrera eramaten ari den barrutirako trafiko plana.
EArentzat oinezkoentzat espazioak berreskuratzea “funtsezkoa” da, eta udalaren egitasmoa bide horretatik doala uste du. Hala, trafiko eta aparkaleku nahiz oinezkoentzako espazioak sortzearen ideia komertzioentzat, ostalarientzat eta “sanpedrotarren bizi kalitatearentzat” onuragarri izango dela uste du, “ez gara urruti joan behar ikusteko zein onuragarria izan den sanpedrotar guztientzat egunez kotxeak ez zirkulatzea eta ez aparkatzea Torreatzen”.