Juana Loro (erdian) Kutxabanken bulegotik ateratzean
Kaleratzeak Stop taldearen laguntzarekin Errenteria-Oreretako Kutxabanken bulegoko zuzendaria bisitatu du gaur goizean Juana Lorok etxebizitza ez kentzeko irtenbide bila. Izan ere, Kutxabanken jakinarazpena jaso du etxebizitza enkantean jarriko dutela adieraziz.
Errenteria-Oreretako finantza erakundeko zuzendariari idatzi bat entregatu dio, eta honek era berean, egoitza nagusira igorriko duela adierazi dio —Bilbon dago—. Kaleratzeak Stop taldeko ordezkari batzuekin sartu da bulegora. Horietako baten arabera, bulegoko zuzendariari kontuan hartzeko eskatu diote zenbateko babesa duen Loro eta bere familiak, eta Kutxabankek bere eskaera atzera botatzen ez badu, presio soziala handituko dutela. Lorok bere etxebizitza bere horretan uzteko eskatu die, eta horren truke, semeak bere ondasun guztiak –etxebizitza eta lokal komertziala— emango dituela.
Irteeran txalo artean hartu dute Loro hara gerturatu diren herritarrek eta babesa agertu dioten beste zenbait lagunek. Lorok eskerrak eman dizkie emandako laguntzarengatik. Era berean, Kutxabanken kontrako oihuak bota dituzte,
Kutxabank lapurrak eta
Kutxabank, kaleratzen lehenengoa.
Kaleratzeak Stop taldeak “etxebizitza ordainduta daukan pertsona heldu bat kalean uztea ankerra” dela adierazi du, “higiezinen burbuila izan den iruzur legala kontuan hartuta”. Horrez gain, gogorarazi du Kutxabank dela hipoteka gehien gauzatzen dituen entitatea, baina era berean, etxe kaleratze gehien dituena. Baina batez ere, “estatu osoko erakunderik zorrotzena” dela esan du “kaltetuentzako edozein irtenbide mota negoziatzeko orduan. Horren erantzule egin ditu Kutxabankeko administrazio kontseiluan dauden EAJ, PSE-EE eta PP alderdiak.
Ondorioak jakin gabe sinatutako mailegua
Loro bere semearen lokal komertziala bermatzeagatik izango da kaleratua prozesu guztia aurrera ateratzen bada. Lorok berak onartu du ez ziola “inork” azaldu Kutxabanken bulegoan mailegu bat eskuratzeko dagoeneko ordainduta daukan etxebizitza bermean uzteak zein ondorio izango zituen. Gero, krisia lehertu zenean, semeak maileguari ezin izan ziola aurre egin azaldu du.
Loro alarguna da, eta hilean 974 euroko pentsioa jasotzen du, eta gastu guztiei aurre egin ezinik egonda ere, “doako justizia izateko eskubidea ukatu” zaiola salatu du Kaleratzeak Stop taldeak.
Epaileak Kutxabanken eskaerarekin aurrera egiten badu, Lorok bere etxea galtzeaz gain, semeak ere lokal komertziala eta bere etxebizitza galduko ditu.