Igandean (hilak 20) ospatuko dute Irunen hirira trena iritsi zeneko 150. urteurrena. Ekitaldi sorta antolatu dute San Miguel auzoko auzo elkarteak, udalak eta BAF 7301 trenzaleen elkarteak urteurrena behar bezala ospatzeko. Lehenagotik, ordea, egingo dituzte ekimenak. Gaur, esaterako, 19:30ean Euskal trenaren 150 urteak erakusketa zabalduko dute Amaia Kultur Zentroan, BAF 7301 elkarteak antolatua; horren harira, zigilu berezia egin du elkarteak.
Gaur bakarrik ez. Bihar, 17:00etatik 19:00etara Alberto Anguera plazan haurrentzako joko tradizionalak egingo dituzte, baita txokolatada ere. Eta ostalariek ere bat egin dute ekimenarekin. Izan ere, Irun Dastatu gastronomia ekimenaren barruan, hainbat tabernak eta jatetxek euren menuan plater berezia jarriko dute trenaren etorreraren 150. urteurrenaren harira, honakoak dira: Danako, Ibaiondo, La Agricola, Gaztelumendi, Aitor, eta Zura.
Irungo Udalak jakinarazi du igandean, ospakizunen egunean, hainbat trafiko aldaketa egingo direla hiritik zehar desfilea egingo dutelako. Garraio publikoak ere aldaketak izango ditu.