Cadarso enpresa lekualdatzeko lanak hasi dituzte
Lanbarrenen urbanizazio lanak egiten ari dira eta Cadarso enpresa horra pasatuko dute. Amenabar enpresa dabil lan horiek egiten eta zortzi hilabeteko epea izango du. Hori horrela, 2014ko maiatzerako urbanizazio lanak bukatuta egon beharko dute. Behin urbanizazio lanak bukatuta, Cadarsok bi urte izango ditu lekualdatzeko, beraz, 2016ko maiatzerako Cadarso Lanbarrenen egongo da.
“Udalarentzako lehentasuna da Cadarsoren lekualdatzea Altzibarko auzoak arnas har dezan”, azaldu du Oiartzungo Udalak. Cadarso Lanbarren eremuaren goiko aldean egongo da, “instalazio modernoa eta erabat itxi batean, inori kalterik ez sortzeko moduan”.
Lurrak trukatzeko hitzarmena
Oiartzungo Udalak eta Cadarso enpresak 2010ean lurrak trukatzeko hitzarmena egin zuten. Horren bidez, udalak Lanbarrenen zituen lurrak (8.000 metro koadro) utzi dizkio Lanbarreni eta horrek Cadarsok Altzibarren okupatzen duen eremua udalaren esku utziko du. Lur trukaketa hori azaroan sinatuko dute notarioaren aurrean.