Mikel Muñoz bere anaia Bixente besarkatzen, saria jaso eta gero
Hondarribiko Gran Sol tabernak irabazi du astelehenetik gaur arte Itsas Etxea Auditoriumean egin den Euskadi Saboreala Euskal Herriko VIII. Pintxo Txapelketa. Bixente eta Mikel Muñoz anaiek prestaturiko pintxoarentzat izan da 3.000 euroko saria eta beraiek jantzi dute txapela, Bixenteren bigarrena, 2010ean ere garaile irten baitzen Gran Soleko sukaldaria. Aurten egindako pintxoak (Bakailao tosta foiearekin keztuta eta pikillo piperra eta soja eta Modena ozpin-olioa) bakailaoa eta foie-a du oinarri, baina “matizen beteriko sentsazioen bidai bat munduan barrena” da, irabazlearen esanetan, “gazia, goxua, marinatua, kurruskaria, asiatikoa…”. Etxean ikasitako sukaldaria dela adierazi du Muñozek, amarengandik ikasi duena: “hori da nire identitatea, amak eta amonak erakutsi didatena eta, gero, sukaldaritzako maisuengatik ikasi dudana”.
Gran Solek gaur prestatu duen pintxoa
Emozioa ezin eutsiz igo da saria jasotzera Muñoz anaien zaharrena, eta parte hartzaile guztiekin banatu du saria: “gu hemen gaude, baina badakizue zuek ere hemen egotea merezi duzuela”. Gran Solek herri epaimahaiaren saria ere irabazi du.
Hortaz, etxekoak irabazi du etxean, baina ez da eskualdeko bakarra izan, bigarren sari potoloa Irungo Gaztelumendi jatetxearentzat izan baita. Felix Manso eta Angela Basaberen mokadutxoak 2.000 euro jaso du ordainetan, eta Euskal Herriko Pintxo Txapelketako bigarren postuak ematen duen ospea.
Euskadi Saboreala Euskal Herriko VIII. Pintxo Txapelketako Palmaresa
- 1. Saria, Eusko Jaurlaritza-Bacaladera Saria. Gran Sol (Hondarribia). 3.000 euro.
- 2. Saria, Gipuzkoako Foru Aldundia Saria. Gaztelumendi (Irun). 2.000 euro eta oroigarria.
- 3. Saria, Hondarribiko Udala Saria. Zoco Moco (Donibane Lohitzune, Lapurdi). 1.000 euro eta oroigarria.
- Herri epaimahaiaren saria. Gran Sol (Hondarribia).
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia. PerrechiCo (Gasteiz). Oroigarria.
- Bacaladera Saria, bakailaoarekin egindako pintxo onenari. Chelsy (Iruñea). Oroigarria, asteburua Hondarribian eta La Bacaladerako edio limitatuko sorta bat.
- Keler Saria, garagardoarekin hoberen uztartzen den pintxoari. Abaco (Huarte, Nafarroa). Bi gau gastronomiko eta irabazlearen pisua garagardoan.
- Fagor Berrikuntza Saria:.PerrechiCo (Gasteiz). Oroigarria eta Masterchef sukalde tresneria sorta.
- Eusko Label Saria. Hidalgo 56 (Donostia). 500 euro + 500 euro Kalitatea produktuetan.