Larunbatean, hilak 19, izango da Landalur Azoka Errenteria-Oreretan. Bederatzigarrenez antolatu du udalak lehen sektorea ardatz duen ekimena, batik bat euren produktuak eta lana ezagun egiteko haur zein helduen artean.
Gaur aurkeztu dute egitaraua Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Mikel Zendoia Behemendiko ordezkariak. Ferradasek gehienbat azokaren alderdi didaktikoa nabarmendu du, eta horren gain, lehen sektorea askorentzat krisi ekonomikoaren alternatiba bihurtu dela azaldu du.
Zentzu horretan egingo dituzte larunbatean mikrosaio informatiboak, eta bertan, slow food Donostiak, Errenteriako kontsumo taldeak, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eta Euskal Herriko Hazien Sareak parte hartuko dute. Zendoiak gaineratu du 20 minutuko saioak izango direla, 11:00etatik 13:30era, eta bakoitzak zein lan egiten duen agertuko duela: elkartea zer den, zertaz arduratzen den, zeintzuk diren bere helburuak, nondik nora mugitzen diren… Horrez gain, ekoizle bati ere egingo diote tartea. Bera Errenteria-Oreretako Eguzki Bordako baserriko kide bat izango da, eta Idiazabal gaztaren egilea.
Beste berritasun bat ere sartu dute egitarauan: talo tailerra. 17:00etatik aurrera erakutsiko dute jaki hori nola egiten den.
Zendoiaren arabera, zaila da urtez urte berritasunak sartzea programan, baina krisi ekonomikoa kontuan hartuta, urtez urte ekoizle berak ikusi ahal izatea pozgarria dela argitu du. Era berean, horiek izango dira Landalur Azokako protagonista nagusiak, urtero egiten den produktuen salmentarekin. Horrez gain, animaliak ere herrira jaitsiko dira, eta aurten Lumagorri oilaskoek bisitatuko dute, aspaldiko partez. Horrekin batera, Errenteria-Oreretan ekoiztutako produktuak dastatzeko aukera izango da. Haurrek ere produktuekin gozatzeko aukera izango dute, arratsaldean txokolate jatea egingo baitute Baso Soro baserriko esnearekin —Xabier Olaskoaga plazan esne makina du—.
Egitaraua
- 10:00-14:00: Txalapartarekin deialdia. Errenteriako Landalurraren IX. Azoka Gamon Zumardian, baserriko produktuen salmenta eta abere erakusketarekin.
- 11:00-13:30: Mikrosaio informatiboa, Gamon Zumardian: slow food Donostia, Errenteriako kontsumo taldea, Gipuzkoako elikagaien bankua, Euskal Herriko Hazien Sarea.
- 10:30-13:30: Sagardoa egiten sagardo egiteko prozesua ikusi ahal izango da Egiluze sagardotegiaren eskutik.
- 11:00: Errenteria ekoiztutako kalitatezko produktuen dastaketan. Abrin Gikoa baserriko Eusko Labeldun tomatea, taloak, Egiluze sagardotegiko sagardoa eta Eguzki Borda baserriko Idiazabalgo Jatorri Izena duen gazta.
- 12:00: Kalejira Largabista eta Ane Piratarekin.
- 16:30-19:30: Baserriko produktuen salmenta, Gamon Zumardian.
- 16:30: Kanta eta dantza Martinber, Marikalanbre eta Largabistarekin. Ondoren: Haurrentzako jokoak eta herri kirolak.
- 17:00: Talo tailerra.
- 18:00: Haurrentzako txokolate jatea Errenteriako Basosoro baserriko eguneko esnearekin.
- Egunean zehar: Errenteriako dultzainero, txalapartari, trikitilari eta txistularia. Auzo konpostajea azaltzeko gunea. Perretxiko erakusketa. Irrien Lagunen Kluba. Erlezaintza eta liztor beltza erakusketa.