Bularreko minbiziaren aurkako eguna izango da larunbata, eta egun hori gogoan, erakusketa berezia prestatu dute Errenteria-Oreretako Marian Navarro estetika zentroan (Bidasoa 13-15). Larunbatean, hilak 19, inauguratuko dute erakusketa hori, 12:00etan, eta hilaren 27ra arte ikusteko aukera izango da.
Erakusketako protagonistak bularreko minbizia pairatu duten emakumeak izango dira. David Viz errenteriarrak atera dizkie argazkiak. Navarrok adierazi duenez, erakusketa horren bidez, indarra helarazi nahi die gaixotasun hau jasaten duten pertsonei eta bide batez, gaixotasunak duen alde ezkorra ezabatu, “edonork pairatu baitezake”. Horregatik, argazkietan pertsona hauek duten “indarra, energia eta adorea” erakusten saiatu direla esan du.