San Pedroko aparkalekuentzako "irtenbide arrazionala eta adostua" eskatu du PSE-EEk
Pasaiako Udaleko PSE-EEk Mugikortasun Batzarra deitzeko eskatu dio Udal Gobernu Taldeari, San Pedro aparkalekuen harira. Sozialistek gobernu taldea, udal taldeak zein bizilagunak bertan egoteko aldarrikatu dute, “arrazoizko irtenbide adostua” lortzeko asmoz.
Horrez gain, pasa den irailaren 26an egin zen batzarrari buruzko irakurketa egin dute. Alde batetik, batzar horretan udal gobernuak egindako proposamenak “Bildurenak bakarrik” direla esan dute, “ez baitira inolako udal foroan onartu”. Horrela, esan dute plenoan gobernu taldearen planteamenduei buruzko galdera egitean, honako erantzuna jaso zutela: “Adierazi ziguten Pasaiarako planteamendu integralik ez zutela, eta bukatuta zegoenean, Mugikortasun Batzarrean aurkeztuko zutela”.
Bestalde, Bou Nabarra plazako aparkalekuei dagokienez, PSE-EEk esan du ez zietela “inoiz ere informatu” txandakako aparkalekuak egongo zirenik, baizik eta guzti-guztiak alokairuzkoak izango zirela. Egoiliar txartelaren kontra ere egin dute.
Horrela, Bilduri eskatu diote “arazoak konpon ditzan, sortu beharrean”. Planteamenduak Mugikortasuneko Batzarrera eraman ditzan galdegin diote, “argi eta garbi azalduak”.