Irisarri, lanean goizean
Arma Plazako Kantina San Nikolas jatetxeak lehenbizikoz izan da Euskal Herriko Pintxo Txapelketan eta jolas bat proposatu dio epaimahaiari estreinakoan. Hondarribiko margolariak omendu eta atunaren erabileraren aldarrikapena egiten duen pintxoa prestatu dute. Gorka Irisarri sukaldariak food and art kontzeptua bilatu duela argitu du.
Lehen aldiz parte hartu duzue Euskal Herriko Txapelketan. Gustura geratu al zarete?
Oso gustura geratu gara, egia esateko. Lan handia duen pintxoa da baina bisualki erakargarria dena, koloreen konposizioa nabarmena delako. Food and art kontzeptua bilatu dugu, gastronomia eta artea uztartzea. Margolariak artearen enbaxadoreak direnez, margolari paleta bat aurkeztu dugu gure gaurko pintxoarekin.
Epaimahaiak pintxoa nola hartzen zuen begira ikusi zaitut.
Bai, lehen inpresioak garrantzitsuak direlako. Lehen inpresioa bisuala izatea nahi izan dugu, baina gustuak asko zaindu ditugu. Eta bai, epaileen aurpegia ikustea garrantzitsua da.
San Nikolasen pintxoa, amaituta
Zer da bilatzen duzuena txapelketa honetan, aurrera egitea, ikastea…?
Parte hartzen ari garen guztiak daramagu hilabete bat edo bi pintxoa lantzen, eta hori oso aberasgarria da, baina ez dizut ukatuko sailkatzea bilatzen dugula, denok nahi dugulako ahalik eta goren geratu, irabaztea ezin bada, noski.