Bisita gidatuak egingo dituzte Añarbera
Igande honetan (hilak 20) eta azaroaren 3an Añarbeko baso erreserba bisita gidatuen bidez ezagutzeko aukera izango da. Lehenengo bisita izango da euskaraz, eta bigarrena, berriz, gaztelaniaz. Bisita horietan parte hartzeko edo informazioa eskuratzeko 943 55 54 31 telefono zenbakira deitu behar da.
Bisita gidatu horiek Añarbeko Uren Mankomunitateak eta Errenteriako eta Donostiako udalek sustatu dute. Asmoa, Añarbeko Baso Erreserba ezagutaraztea da: Añarbe Baso Erreserba, basoak eta urak bat egiten duten eremua.
Bisita gidatuez gain, informazio kanpaina bat jarri dute natura eremu horri buruz. Hain zuzen, gune hori erreserba eremu izendatzea da helburua. Baso natural horiek dira benetan Añarbe urtegiko ura filtratu eta garbitzen dutenak. Horrez gain, Gipuzkoa eta Bizkaiko hariztirik handiena dago, eta Pagadi zabalak. Bertan bizi dira era berean hainbat landare eta animalia espezie. “Espezieen aberastasunerako eta arriskuan daudenen biziraupenerako, ekosistema hauek azalera handiak izatea erabakigarria da”, jakinarazi dute.
Añarbeko eremua Aiako Harria Parke Naturalaren barnean dago 1995etik, eta Europako Batasunak Garrantzia Komunitarioko Lekua (GKL) izendatu zuen 2004an, Natura 2000 sarean sartuz. Bere kontserbazioa ziurtatzeko, Erreserba Eremua izendatzeko eskatzen dute.