Espainiako Gobernuko iturriek adierazi dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak orduan jakinaraziko duela Ines del Rioren auziari buruzko ebazpena. Oarso Bidasoan lau presok dute doktrina hori aplikatuta
Martxoaren 20an egin zuen Ines del Rio presoaren egoerari buruzko auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handiak, eta udazkerako espero zen epaia. Itxaronaldi horri epea jarri dio Espainiako Gobernuak, Europa Press agentziak gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez: datorren astelehenean, hilak 21, ezagutaraziko du Estrasburgok doktrinari buruzko erabakia.
71 presok dute ezarria 192/2006 doktrina. Berez, Ines del Rio presoaren auzia du aztergai epaitegiak, baina doktrina osoa jarriko luke auzitan ebazpenak. Oarso Bidasoan lau presok dute ezarrita doktrina hori: Jon Ander Urkizu pasaitarrak, Gabriel Zabala irundarrak, eta Jokin Urain eta Juantxo Lasa Txikierdi oreretarrak.
Ines del Rio Prada euskal presoari doktrina hori ez zitzaiola ezarri behar
ebatzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak iazko uztailean, eta beraz, presoa “ahalik eta azkarren” libre uzteko exijitu zion Espainiari. Ez zuen hala egin, ordea, eta helegitea jarri zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Del Rio 1987tik dago preso, eta 2008ko uztailean libre ateratzekoa bazen ere, 2017ra arte luzatu zioten zigorra.