Gasteizko taldearekin berdindu eta bigarren postutik oso gertu jarri dira
Emakumeen Bigarren Mailan jokatzen duen Oiartzun taldeak urrezko hiru puntu lortu zituen atzo eguerdian Karla Lekuona futbol zelaian. Gasteizko Aurrera taldearen kontra jokatu zuten eta 2-1 irabazi zuten etxekoek, partida bederatzi jokalariekin eta entrenatzailerik gabe bukatu zuten arren. Horrenbestez, Olaranbeko taldea harrapatu dute sailkapenean eta, bederatzi punturekin, bosgarren jarri dira, bigarren postutik bi puntura.
Partida borrokatua izan zen, oso parekatua, eta atearen aurrean huts gutxien egin zuenak lortu zuen garaipena, gasteiztarrek aukera asko izan baitzituzten Olaranbera hiru puntuak poltsikoetan itzultzeko.
Lehen zatian oiartzuarrek izan zuten baloiaren jabetza, baina Aurrerak harmailak isilarazi zituen kontraerasora saiatu zen bakoitzean. Bi taldeek izan zuten aukeraren bat markagailua mugitzeko baina husnako emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian gogotsu atera zen Oiartzun, eta lehen gola sartu zuen, faltaz. Hortik aurrera epailea bihurtu zen partidako protagonista, etxeko bi jokalari eta entrenatzailea kanporatu baitzituen, protesta egiteagatik.
Ia galtzetik, irabaztera
Etxekoak hamarrekin geratu eta segituan gasteiztarrek berdinketa lortu zuten, eta bigarren gola lortzeko bi aukera garbi izan zituzten. Baina orduan, gauzak okerren zeuzkatenean, oiartzuarrek kemena atera zuten eta bigarren gola sartu zuten, areaz kanpotik jaurtikitako bolea bikain bat baliatuz.
Markagailuan aurretik zirela, defentsako lanari ekin zioten. Epaileak Aurrerako defentsa bati bigarren txartel horia barkatu zion eta etxekoek egindako falta batean hori leporatu zioten. Oiartzun taldeko beste jokalari bat kanporatu zuen epaileak orduan, baita entrenatzailea ere. Oraindik hamar minutu geratzen ziren partida bukatzeko baina, egindako aldaketen laguntzaz, fisikoki ondo iritsi ziren oiartzuarrak partidaren hondarrera eta markagailuko abantailari eutsi zioten.
Bederatzi puntu pilatu ditu Oiartzun taldeak lehen bost jardunaldietan. Etxeko hiru partidak irabazi dituzte, baina kanpoan jokatutako biak galdu. Sailkapenean zazpigarren tokian daude, bosgarrenarekin berdinduta, bigarren postutik bi puntura eta lider Pauldarrak taldeak baino 6 puntu gutxiagorekin.