Kataluniako erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida Errenteria-Oreretara ekarriko dute datozen asteetan. Batera Bai taldeak antolatuta, Kataluniako hainbat ordezkarik euren ikuspuntua azalduko dute. Lehenengo hitzaldia asteazken honetan bertan izango da, eta PSC-ko ordezkari bat eseriko da, 19:00etan, Kaputxinoetako parrokiaren hitzaldi aretoan.
Xabier Oleaga Batera Baiko kideak azaldu duenez, Maurici Lucena Kataluniako Parlamentuko PSCren bozeramailea eta alderdiko pertsona garrantzitsuenetako bat zen etortzekoa, baina azkenean bertan behera geratu da hitzaldia. Lucena etortzeko prest zegoela jakinarazi dute, nahiz eta azken momentuan hala ez izatea erabaki duten alderditik. Hain zuzen, Lucenan bertan zuen interesa Batera Baik, alderdiaren irakurketa ofizialarekin bat egiten duen pertsona bat gonbidatu nahi zutelako; kontuan hartuta, PSC eta CIUn erabakitzeko eskubidearen gaineko ikuspuntu ezberdinak daudela.
Vila D’ Abadal eta Oliveres
Gainontzeko kideak Josep Maria Vila D’ Abadal Vic-eko alkatea eta AMI Asociacio de Municipis per la lndependencia elkarteko presidentea eta Arcadi Oliveres Ekonomian katedraduna izango dira. Lehenengoa udal mailan mugimendu garrantzitsua sortu delako gonbidatuko dutela esan du Oleagak, eta bigarrena, berriz, osagai ekonomikoak ere garrantzi handia duelako Katalunian. Vic-eko alkatearen hitzaldia hilaren 22an izango da, eta Oliveresena, berriz, azaroaren 6an.
Aurrera begira ere ez du baztertzen erabakitzeko eskubidearen gaineko beste prozesu batekin beste hitzaldi sorta bat antolatzea: Eskoziarekin. Hori udaberriari begira izango dela aipatu dute.
Batzuen eta besteen “ahalegina”
Mikel Ugalde hitzaldien arrazoiaren berri eman du Batera Baiko kide den heinean. Zentzu horretan, sufrimendua agerikoa izan dela esan dute Errenteria-Oreretan, eta herritarrek pairatu behar izan dutelako. Hala, arlo horri lotuta aktiboak izan diren bezala, oraingo agertokian ere berdin jarraitu nahi dutela esan dute. Ildo horretatik, “alde batekoak eta bestekoak ahalegin bat egiten” ari direla “bakoitza bere eremuan” azaldu du Ugaldek, eta “baikor egoteko motiboak” daudela. Hortik “oinarri sendoak” jarri behar dituztela aldarrikatu du. Eraikiz egitasmoa jarri du horren adibidetzat.
Batera Baik hausnarketa sustatu nahi du, “desberdinen arteko bizikidetzea agertoki batetik normalizazio demokratikorako ibilbidea urratu asmoz”. Alde horretatik, erabakitzeko eskubidea “oinarrizkoa” dela iritzi dio, “bizikidetza demokratikoak” jardun ahal izateko.
Afaria
Hitzaldi sorta hori finantzatzeko hilaren 18an afaria egingo dute, eta “dirua biltzearekin batera, desberdinen arteko topaketa sustatu” nahi dutela jakinarazi dute. 21:00etan izango da Gau Txori elkartean. Parte hartzeko txartelak dagoeneko salgai daude. Horiek hitzaldian bertan edo
baterabai[a bildua]gmail.com helbidean eskura daitezke.
[box]Hitzaldiak
- Hilak 16, asteazkena: PSCko ordezkari bat. 19:00etan, Kaputxinoetako parrokian.
- Hilak 22, asteartea: Josep Maria Vila D’ Abadal Vic-eko alkatea eta Asociacio de Municipios per la Independencia elkarteko presidentea. 19:00etan, Kaputxinoetako parrokian.
- Azaroak 6, asteazkena. Arcadi Oliveres Ekonomian katedraduna. 19:00etan, Kaputxinoetako parrokian. [/box]