1.070 bertsozale Julio Sotoren garaipenean, Hendaian
Julio Sotok irabazi zuen larunbatean, Hendaian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa. 1070 bertsozale bildu ziren Daniel Ugarte ezker paretan, kanporaketa guztietatik orain arteko saio jendetsuenean. Sotok 653 puntu lortu zituen, Amaia Agirre bigarrenak 642,5, eta Iñaki Zelaia hirugarrenak 611, Felix Zubia laugarrenaren aurretik (610). Iñaki Apalategi (596) eta Iban Urdangarin (591) izan ziren bi azkenak.
Horrela, Soto azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalerdirako sailkatu da; Jon Martin oiartzuarra, Amets Arzallus Hendaiarra eta Beñat Gaztelumendi ere izango dira bertan.