"Mugak norberaren buruan bakarrik existitzen direlako", bizikleta martxa Bidasoan
Urruñako Gazte Asanbladak, Hendaitz Gazte Asanbladak (Hendaia), Hondarribiko Gazte Asanbladak eta Lakaxita gaztetxeak (Irun) bizikleta martxa eta bestelako ekimenak antolatu dituzte hilaren 19rako (larunbata da), “mugak norberaren buruan baino ez dira existitzen, gainditu ditzagun beraz” mezuarekin, antolatzaileek esan dutenez. Gazte eragile horiek Bidasoan zehar antolatuko duten bigarren bizikleta martxa izango da.
Sustatzaileen arabera, “hain gertu” egonda, gazteek ez dituzte ondoko herrietako errealitateak ezagutzen, “martxa hau horrekin hausteko pausu txiki bat besterik ez da. Gauzak horrela lortzen dira, apurka-apurka, elkarlanean, ekinez”. Hortaz, gazteei martxan parte hartzeko eskatu diete, baita hori bitartean egingo diren ekimenetan ere. Horrela, gazteen arabera denek “borroka berberean” dihardute: “Gaztetxea”. Hortaz, elkar ezagutzeko eta ideiak trukatzeko eguna izango da hilaren 19koa. Ondokoa da egitaraua:
11:00etan, Urruñan bizikletak apaindu eta txupina botako dute.
13:00etan, Hendaian, bazkaria.
16:00etan, Hondarribian, herrien arteko taldeen arteko jolasak.
20:30etik aurrera, Irungo Lakaxitan, kontzertuak Drug Rockets, Ez! eta The Barandys taldeekin. Talde sorpresa ere egongo da.