Bidasoaren lanak ez du saririk izan
Borrokatu, kantxa izerdiz bete arren, beste behin ez du punturik lortu Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak. Atzo arratsean jokatu zuen Artalekun Puerto Sagunto taldearen kontra, eta modurik ankerrenean galdu zuen: ia partida osoan atzetik joan eta gero, kontrarioengana hurbildu lan oso handia egiten, eta azken segundoetan garaipenak, eta berdinketak ihes, 27-28 markagailuan partidaren bukaeran.
Gaizki hasi zuen lehia Bidasoa-Irunek. Valentziarrek erraz gainditu zuten irundarren defentsa, eta atsedenaldian partidak kanpokoen kolorea bakarrik izango zuela zirudien, 11-14 lehen zatiaren bukaeran. Bigarren zatia antzeko hasi zen, kanpokoen nagusitasunarekin. Baina horren erdialdetik aurrera kasta eta kalitatea azaltzen hasi ziren etxekoak, eta 12-7ko partziala egin ondoren 26-26 jarri ziren markagailuan azken minutuetan. Ondoren kanpokoen gol bat, eta etxekoen beste bat iritsi ziren 27nakoa ezartzeko. Baina azken minutuan Bidasoak aurretik jartzeko jokaldian huts egin, valentziarrek kontraeraso azkarra abiatu, eta puntuek Irundik ihes egin zuten. Bukaera ankerra izan zuen partidak bidasoarrentzat.
Zero garaipen eta berdinketa bat. Horiek dira Bidasoa-Irunek orain arte Asobalen pilatu dituen zenbakiak. Sentsazioek, ordea, bestelakoa diote, puntu gehiago izan behar zituztela sailkapen nagusian. Hondarribiko arraunlariei partida hasieran egindako omenaldiak atzokoa jai giroko partida izango zelaren traza hartu zuen. Hain justu alderantziz izan zen, poztasunetik goibeltasunera segundo gutxian pasatu zirelako horiak.
Etxekoen golegile nagusia Azkue izan zen, 8 golekin. David Rinconek eta Aranburuk 4na sartu zituzten.