Datorren ostegunean, hilaren 17an, 35/02 auzia epaitzen hasiko dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Bertan 36 lagun epaituko dituzte, tartean Rufi Etxeberria herritarra, eta 110 taberna eta elkarte. Horien artean dago Girizia elkartea. Gaur eguerdian agerraldia egin dute elkarteko hamarnaka bazkidek, baita batzarkide zein lehendakari izandakoek, epaiketa hori salatzeko asmoz. 40 gazteren aurka egingo den epaiketa ere salatu nahi izan dute.

Girizia elkarteko kideen agerraldia, haien kontrako epaiketa salatzeko.
Adierazi dutenez, makroepaiketa horiek “aniztasun politikoa ezabatzeko ahalegin garbia” dira, “eta lan politikorako askatasuna eta ideia guztien defentsa eskubideen urraketak ematen dira”. Horrela, udazken honetan egingo dituzten bi epaiketa horiek “testuinguru berean” kokatu dituzte Giriziako kideek: “Epaiketa hauek Euskal Herriak garai berria zabaltzeko agertu duen erabakiari eraso egiten die, konponbide baketsua blokeatzeko asmoz”.
31 urteko ibilbidea
Kontzejupe plazan bildu direnek Girizia elkartearen 31 urteko ibilbidea gogoratu dute, Horrela, adierazi dutenez, “gutxi izango dira Girizia erabili edo ezagutu ez dutenak, eta hamaika dira herrian Giriziako hainbat sailek antolatu izan diren eta antolatzen diren ekimenak”. Sokatira saioak, pilota partidak, mendi irteerak, bertso sailaren ekitaldiak, zikloturisten ibilaldiak, kros eta BTT lasterketak, gastronomi ikastaroak eta beste hainbat jarduera egiten dituztela gogorarazi dute. “Herrigintza, azken finean”, zehaztu dute.
Girizia elkartekoak ekimena iragarri dute “eraso larri eta astakeria” horri aurre egiteko. “Datozen aste eta hilabeteetan herriko eragile eta elkarteen babesa, atxikimendua eta konpromisoa biltzeko dinamika hasiko dugu”, esan dute.
Herriaren Girizia Libre leloa zein logoa herriko txoko guztietara zabaltzen ahaleginduko dira. Bestalde, bono laguntzak jarriko dituzte salgai, “epaiketak sortzen dituen gastu ekonomikoei aurre egiteko asmoz”. Gainera, posta elektronikoko helbidea ireki dute, herriko elkarte edo norbanakoek elkartasuna adierazteko argazkiren bidali nahi badu, edota harremanetan jarri nahi badu. Honakoa da helbidea:
libre[abildua]girizia.org.
Azkenik, urriaren 26an Bilbon egingo den manifestazio nazionalera joateko gonbitea luzatu dute.