Egun bi herriek duten biztanleriaren bikoitza hornitzeko eraiki zuten San Anton
Joan den urteko urrian martxan jarri zituzten Txingudiko Zerbitzuak SA (Txinzer) erakunde publikoak Jaizkibel mendian eraikitako sei zundaketak, 75 eta 120 metro sakonera artekoak, mendiaren barrenetik ura ponpatzeko helburua dutenak. Zundaketez gain, hamalau kilometroko hoditeria eraiki zuten, bertaraino elektrizitatea eramateko lur azpiko 13.200 volteko sarea muntatu, eta energia hori guztia trasformatzeko bi zentro. Proiektuak 8 milioi euro inguruko kostua izan zuen. Lanak amaituta, iazko urrian probatu zituzten zundaketak, hilabetez.
Eguzki-Bidasoa eta Ekologistak Martxan talde ekologisten ustez, zundaketen egitasmoari dagokionez ez dira jarraitu natura babesteko egun indarrean dauden prozedurak, eta hainbat salaketa jarri dituzte, horietako bat Gipuzkoako Epaitegiko Ingurumen Fiskaltzak tramitera onartu duena. Besteak beste, obra onartu aurretik Eusko Jaurlaritzaren ingurumen ebaluazioa eta adierazpena egin behar zirela diote Eguzkitik.
Halaber, Oarso Bidasoko Hitza-k aztertu dituen agirietan antzematen da 2007 urtetik sei zundaketen beharra sortzeko datuak faltsutu egin zirela, eta gauza bera egiten ari direla zundaketa horiek martxan jartzeko baimena lortzeko. Besteak beste, San Anton urtegian Txinzerrek jasotako euriaren datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak toki berean hartutakoak baino %27 txikiagoak dira aipatutako urtetik aurrera, Irustako hidroelektrikora ura daraman Domiko kanalaren existentzia bera ezkutatzen dute, eta Irun-Hondarribiaren ur eskaria puztu egiten dute. Agiriek Txinzerrreko kudeatzaile Miguel Angel Muñagorriren sinadura dute, eta Txingudiko Mankomunitatearen oniritzia izan dute.
Horrez gain, Txinzer erakundeak sortzen duen energiaren kudeaketan itzaluneak agertzen dira, batez ere Irustako hidroelektrikari dagokionez.
Ia guztia San Antondik
Irun eta Hondarribiko biztanleek erabiltzen eta ordaintzen duten ur guztia 1996an eraikitako Elordiko Edateko Ura Tratatzeko Plantatik (EUTP) ateratzen da. Bertan tratatzen den ura bi lekutatik iristen da, Jaizkibeldik eta San Anton (Endara) urtegititik.
Jaizkibelen lur azaleko lau putzu daude, Goikoerrota, hego isurialdean, eta Justiz, Artzuko Errota eta Artzu, ipar isurialdean. Garai batean Goikoerrotatik jasotzen zuten hondarribiarrek behar zuten ur guztia, baina 1985ean beste hirurak egokitu zituzten, lehorte garaietan erabiltzeko. Lur azalekoak dira ere, eta erreken ibilbidearen bukaeran daude, itsasoratu aurretik.
Baina egun, edateko ur ia guztia Lesakako (Nafarroa) lurretan dagoen San Anton urtegian biltzen dute bi herriek, Aritxulegi inguruan. Espainia Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak eraiki zuen 1988an urtegia, lehenago Irunek erabiltzen zuen Domikoko urtegia baino kilometro batzuk beherago. Urak Elordiko EUTPra iristen direnean plantan bertan den zentral hidroelektrikotik pasarazten dituzte, energia lortuz.
Irustara doazen hodiak
San Anton urtegiak Endara-Errenga arroko urak jasotzen ditu, eta Domikorekin lotura du. Domikoko uraren zati bat San Anton urtegira doa, Endara errekatik, eta beste bat Domiko kanaletik Irustako hidroelektrikara, bide horretan kanalak jasotzen dituen beste erreka txiki batzuen urekin batera. Irustara doan kanalak ez du loturarik ur hornidura sistemarekin, eta bertan erabiltzen den ura Bidasoa ibaira botatzen da hirdroelektrikatik pasatu eta gero. Txinzerrek, Domikon duen kontrolgunean erabakitzen du zenbat ur doan San Antonera eta zenbat Irustara, hau da, behar izanez gero aukera izango luke Domiko kanala itxi, eta ur guztia hornidurarako bideratzeko.
Jaizkibeldik %5 baino ez
Hiru urte bete dira Hondarribiko Udalak Jaizkibelen lur azpiko ura ateratzeko zundaketa sistemaren eraikuntza onartu zuenetik. Bost urte lehenagokoa da Txinzerren proiektua, eta azken hamabost urtean erakunde publikoak berak emandako datuen arabera, obra justifikatzen duen ur beharrik ez dago. Urtero Uraren Ziklo Integrala txostena kaleratzen du Txinzerrek, eta 2011ko datuetan honakoa azaltzen da: “2010. urtean azken hamabost urteetako lehorrena izan zen Endaran, prezipitazio kopurua batez bestekoaren %30 gutxiago izan zelarik”. Hurrengo urteko urrian, udazkena aurreko urtekoa bezain lehorra izan zitekeela uste zutenez, Jaizkibel hegoaldetik —Goikoerrotatik— ura jasotzen hasi ziren: “Urrian urtegiaren maila urteko baxuena izan zen, %86koa. Udazkena lehorra izan zitekeenez, urriaren erdialdean Jaizkibelgo hego isurialdeko putzuetatik ura ponpatzeari ekin zitzaion. Egoera hori azaroa bukaera arte mantendu zen, euriek urtegia berriro betetzeko aukera eman zutenean”.
Hau da, hamabost urteko egoera okerrenean urtegia %86ra jaitsi zen, eta hori zuzentzeko Jaizkibelgo lau putzuetatik bakarra erabili zuten hilabete eta erdiz, gainontzeko putzuak, ipar isurialdekoak, erabili beharrik gabe. Hori horrela, urte horretan ur horniduraren %1,6 baino ez zen Jaizkibeldik hartu eta, esan bezala, Justiz, Artzuko Errota eta Artzuko putzuak erabiltzeko beharrik gabe. Azken urteetan uraren %95 hartu da San Antondik eta %5 inguru Jaizkibeldik.
Jaizkibelgo putzuak erabiltzeko beharrik gabe, zaila da ulertzen sei zundaketa berri eraikitzea, are gehiago obra eremu babestu batean egin direla kontuan izanik. Eguzki-Bidasoak eta Ekologistak Martxan taldeek bildutako dokumentazioan zundaketa horien beharra faltsutu dela argi geratzen da, eta hiru modutara egin dute hori: euri gutxiago egiten duela esanez, azpiegiturak ezkutatuz, eta kontsumitzen den ur kopurua puztuz.
Leku berean euri gutxiago
Euri mailaren datuak kontrajarriak dira
Jaizkibel barneko ura ponpatzeko zundaketak justifikatzeko Txinzerrek erabilitako lehen argudioa euri eskasia da. 2005. urtera arte, Nafarroak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Txinzerrek emandako datuak bat zetozen, hiru erakundeek San Antonen hartzen baitituzte datuak. Baina urte hori eta gero Txinzerrek emandako datuak asko alderatzen dira. Adibidez, 2005ean metro koadroko 1.966 litro jaso zituzten Nafarroako Gobernuak zein aldundiak, eta 1.951 litro Txinzerrek, ia kopuru berbera. Baina 2007an 575 litro gutxiago jaso zituen Txinzerrek, 2008an 730… 2010eko lehortearen urtean 2.122 litro erregistratu zituen Nafarroak, 63 gehiago Gipuzkoak eta 1.583 litro Txinzerrek, hau da, 600 litro gutxiago. Bost urtean %27 euri gutxiago jaso du Txinzerrek beste bi erakundeak baino, leku berberean
Bigarrenez, 2006ko irailean zundaketak behar zirela frogatzeko txostenean, kudeatzen dituen azpiegitura multzoaren zati bat ezkutatu egiten du Muñagorrik kudeatzen duen erakundeak, Domiko urtegitik Irusta hidroelektrikara doan kanala ez baita aipatzen. Kontuan izan behar da, Irungo Udalak 2010ean onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO), ur eskasia izango balitz Domikoko urtegiko azpiegitura hori ur hornidurarako erabiltzea proposatzen duela. Baina lotura hori ez da egin eta, talde ekologisten ustez “irtenbide naturala da”, eta askoz merkeagoa izango litzateke. Horregatik, zundaketen proiektuaren atzean beste interes batzuk daudela uste dute , “Irun-Hondarribiko ur hornidura bermatzea ez dena”.
Eta hirugarrenez, kontsumitzen den ur kopurua manipulatuta dagoela dio Eguzkik, eta Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan aurkeztu den agirietan hala azaltzen da. Aldundiak bildutako azken urteetako datuen arabera, Elordiko EUTPtik pasatzen den ur kantitatea urtero 8,4 hektometro kubo ingurukoa da, baina iturrietara iristen dena, fakturatzen dena, 5ekoa. Aldundiaren txostenak, ur kontsumoa 2004tik etengabe jaitsi dela dio, sisteman “zulo” bat dagoela nabarmentzen du, eta hori zuzentzeko beharra azaldu. Irungo HAPOan onartzen denez, Elordiko zentraletik pasatzen den ur guztia ez da edateko tratatzen, eta tratatzen ez dena erreka batera botatzen da.
Kontsumoa 8,4koa izanik eta azken urteetan behera egiten jarraitzen duen arren, Jaizkibelgo zundaketak egiteko beharra azaltzeko, Irun-Hondarribiak urteko 11,4ko eskaera duela dio Txinzerrek, erakundeak berak aldundiari emandako datuetatik oso urruti. Are gehiago, Eguzkik baieztatzen du datu ofizialak aztertuz urteroko kontsumoa 6,5koa dela, eta ez 8,4koa.
San Anton urtegia eraiki aurretik Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak idatzitako proiektuan irakurri daiteke urtegiak urtero 17 hektometro jasotzeko gaitasuna duela, 144.000 biztanleri egunero 47.000 metro kubo hornitzeko kapazitatea. Biztanlegoa horren erdia izanik, Txinzerren webgunearen arabera 25.000 metro kubo onpatzen dira egunean. Gauzak horrela, ez dirudi inolaz ere Jaizkibelgo zundaketa sistema beharrezkoa denik.
Eguzki-Bidasoak eta Ekologistak Martxan-ek uste dute Jaizkibelgo zundaketa sistemak ez duela «ur hornidura bermatzea bilatzen, egungo azpiegiturekin erabat bermatuta baitago. Txingudi Mankomunitatearen ura eta energia kudeatzen duen Txinzer SA erakunde publikoak berak jasotako eta publikatutako datuei kasu eginez, ekologisten eskaerak arrazoituta daude. Erakunde publikoen eta epaitegien esku dago atzetik dauden arrazoiak zeintzuk diren argitzea eta irundarrek eta hondarribiarrek edaten duten uraren gardentasuna bermatzea.
EAEko iratze paleotropikal espezieetatik bost, arriskuan
‘Trichomanes speciosum’ espezia, Jaizkibelen
Jaizkibel, Natura 2000 Sarean dago Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) bezala. Mendiko ipar isuriko eremu batzuetan ematen diren ezaugarri zehatzen ondorioz (lur silizeoak, hezetasun handia, ur emari txiki baino etengabea…), Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurki daitezkeen sei iratze paleotropikal espezieetatik bost bizi dira bertan: Hymenophyllum tunbrigense, Trichomanes speciosum, Stegnogramma pozoi, Dryopteris aemula eta Woodwardia radicans. Ulia eta Jaizkibelgo KEBa babesteko agiriak Jaizkibelgo erreka eta ubideetako goroldio eta iratzeak babesteko neurriak zehazten ditu. Itsaslabarretako habitatak eta txilardiak ere babesteko neurriak ezartzen ditu.
Irun-Hondarribiko urak kudeatzen ditu Txinzerrek
Irun eta Hondarribiko udalerriek Txingudiko Mankomunitatea osatzen dute. Txingudiko Zerbitzuak SA erakundeak (Txinzer) uraren ziklo integrala, hiri hondakinen bilketa eta garraioa, eta kaleen garbiketa kudeatzen ditu. Mankomunitateak erabaki batzuk hartzen ditu baina eguneroko kudeaketa Txinzerrena da.
Ingurumen ebaluazioa eta adierazpena ezinbestekoak
Natura 2000 sareko proiektu guztiek ezinbestekoa dute administrazioaren ingurumen ebaluazioa eta deklarazioa. 2008ko urtarrileko ingurumenaren gainean lanek duten eragina ebaluatzeko legearen testu bateratuak zehazten du hori. Proiektua 2010eko irailean onartu zuen Hondarribiko gobernu batzordeak.