
Horrelako kutxak jarriko dituzte okindegietan txartelak sartzeko
Okindegietan ere euskara erabiltzeko ekimena abian du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak,
Eskatu ogia euskaraz!. Oarsoaldeko 42 okindegitan —12na Pasaian eta Errenteria-Oreretan, eta 9na Lezo nahiz Oiartzunen— ogia euskaraz eskatzeagatik boleto bat jaso, hori bete, kutxatxoetan sartu, eta zozketan sartuko da bezeroa. Saria, esandakoa: okindegi horretan hilabetez ogia doan. Horrela. hilaren 14an jarriko dute abian euskararen erabilera indartzeko ekimena, eta azaroaren 4an 42 okindegi horietako bakoitzean irabazlea zein izan den aukeratuko dute.
Oarsoaldeko Euskara Batzordetik adierazi dute aurretik ere egin dituzte gisa honetako ekimenak beste sektore batzuetako dendetan —harategiak, arrandegiak…—. Eta okindegietako arduradunei gogorarazi diete oraindik bertan parte hartzeko aukera badutela: hori egiteko herri bakoitzeko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri behar dira.