
Sarasua, Quiñones, Yarza eta Oliver
Joan den asteburuan Ama Guadalupekoa Judo Taldeko kirolariek San Vicente del Raspeig XVII. Nazioarteko Txapelketan parte hartu zuten (Alacant, Herrialde Katalanak). Denboraldiko lehen txapelketa izan da, Espainiako Koparako eta 21 urtez azpiko mailako rankinerako baliagarria.
Hondarribiko taldeak lau judoka eraman zituen bertara eta denak igo ziren podiora. Lidia Yarzak (+78 kilo) eta Adrian Oliverrek (-66) urrea lortu zuten, eta Nekane Quiñonesek eta Amets Sarasuak zilarra eta brontzea, -70 kiloetan.
Espainiako estatuko taldeez gain, Italia, Suitza, Portugal eta Ingalaterrako judokak lehiatu ziren San Vicente del Raspeig herrian, eta 200 kirolari inguruko parte hartzea izan zuen.
Nagusiak, Irunen
Taldeko beste ordezkari batek, Amaia Curielek, Irungo San Marcial Txapelketan parte hartu zuen, Helduen Mailako Espainiako Koparen barruan. Lehiaketa ona egin zuen lasartearrak baina ezin izan zuen dominarik lortu.