Jaizkibelgo zundaketa sistemaren beharra justifikatzeko Txinzer erakunde publikoak datuak faltsutu dituela salatu du Eguzki-Bidasoak. Jasotako euria gutxitu eta kontsumoa puztu, eta azpiegiturak ezkutatu ditu.

Sei zundaketa eraiki dituzte Jaizkibelen, 75 eta 120 metro sakonera artekoak
Joan den urteko urrian martxan jarri zituzten Txingudiko Zerbitzuak SA (Txinzer) erakunde publikoak Jaizkibel mendian eraikitako sei zundaketak, 75 eta 120 metro sakonera artekoak, mendiaren barrenetik ura ponpatzeko helburua dutenak. Zundaketez gain, hamalau kilometroko hoditeria eraiki zuten, bertaraino elektrizitatea eramateko lur azpiko 13.200 volteko sarea muntatu, eta energia hori guztia trasformatzeko bi zentro. Proiektuak 8 milioi euro inguruko kostua izan zuen. Lanak amaituta, iazko urrian probatu zituzten zundaketak, hilabetez.
Jaizkibelgo zundaketa sistemaren aurkezpenean Markel Olano orduko ahaldun nagusiak adierazi zuen “akordio honi esker Irun eta Hondarribiko biztanleek behar duten ur guztia lortzeko aukera” izango zutela, baina ekologistek salatu dute URA agentziak Txinzer SAri emandako baimenak Euskadiko Energiaren Erakundeak gomendatutakoa hirukoizten duela.
Hala, 2000. urtean Jaizkibelgo akuiferoaren azterketa bat egin zuen Euskal Energia Erakundeak (EEE) eta, ondorio bezala, urtean 0,87 hektometro kubo baino gehiago ez ateratzea gomendatu zuen. Baina URA agentziak 2,4 hektometro xurgatzeko baimena eman zion Txinzerri. Gainera, San Anton urtegiaren ur maila udan %80ra jaitsi orduko zundaketak abiatzeko baimena eman zuen URAk. Hau da, San Antonek urtero hartzen duen ohiko mailara iritsita, urtegia betetzeko Jaizkibel barruko ura ateratzeko baimena ematen dio agentziak Txinzerri, ingurumenarentzat kaltegarriak ez diren beste aukerak baztertuz, esaterako, Irustako hidroelektrikara doan ura baliatu edota lur azaleko putzuak erabili: Goikoerrota, Justiz, Artzuko Errota eta Artzu.
2007an Txinzerrek egindako proiektuak mendiko baliabide berriztagarriaren, hau da, Pasaia, Lezo eta Hondarribiko lur azpiko akuifero osoaren %7,57 erabiltzea aurreikusten zuen, garaiko legediak ingurumen ebaluazioa egin behar izateko ezartzen zuen %25aren azpitik. Baina 2009rako erakundearen asmoak aldatu ziren, eta 7,88 hektometro (250 litro segundoko) ateratzeko baimena eskatu zuen, hots, akuiferoaren %57a. Eraikitako sistemak gaitasun hori eta gehiago du, ura irteteko hodia segundoko 310 litro garraiatzeko eginda dagoelako.
Hori guztia aztertuta, ez dirudi Jaizkibelgo zundaketek bi herrietako biztanleen ur beharrak lehorte garaian bermatzeko helburua dutenik, segundoko 310 litro atera ditzakeen hoditeriak asmo askoz handiagoentzako gaitasuna baitu, Jaizkibelgo kanpoko kaia bezalako obra baten egarria asetzeko moduko azpiegitura mota baitirudi.
Gaur Txinzerren kudeaketa eta ekologisten salaketak lantzen dituen erreportajea argitaratu du Oarso Bidasoko HITZAk papereko edizioan (Berria egunkariarekin ere eskura daiteke Oarsoaldean eta Bidasoan) eta asteburuan Berria egunkariak ikerketa burutu duten Eguzki-Bidasoa taldeko bi kideei egindako elkarrizketa argitaratuko du.