Atzegiko kideak eta Bidasoko udaletako ordezkariak
Atzegin denek dugu gure papera. Zure bilatu! izenburupean kanpaina abiatuko du Bidasoan Atzegi elkarteak. Atzegiren barruan daudenen alde era guztietako lana egin daitekeela zabaldu nahi dute kanpainarekin, gauza txikietatik hasita handietara. Hala, aurreko astelehenetik hilaren 13ra arte Bidasoko herrietan kartelak jartzen ari dira, eskuorriak banatzen ari dira, “herritar bakoitzak Atzegiren alde bere papera” aurki dezan. Hau da, urritasun mentalak dituztenei laguntzeko keinuak eskatu dizkiete informazioaren bitartez.
Gaur eman dute kanpainaren berri Atzegiko kideek nahiz udalekoek Irunen. Hondarribiko nahiz Irungo Ongizate zinegotziek, Maite Cruzado eta Maite Pelaez hurrenez hurren izan dira aurkezpenean, Marian Gaskue eta Mari Carmen Rodriguez Bidasoko Atzegiko kideekin batera. Udal ordezkariek abian dituzten programen berri eman dute, horien artean Txolarte egitasmoa. Horren asmoa da urritasun psikikoak dituzten pertsonen elkargunea osatzea, eta horiek gizarteko edozein esparrutan integratzeko baliabideak jartzea, aisia, kultura edo gizarte ekintzen bitartez.
Bidasoan, orotara, 192 pertsonak daukate ezgaitasun intelektuala, Atzegik 167 kolaboratzaile zuzen ditu, eta orotara 546 Atzegizale daude.