BM Aragonen kontrako partidaren irudia da honakoa. Argazkia: BM Aragon
20:15ean jokatuko du gaur Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak Artalekun, Puerto Sagunto taldearen kontra. Asobal Ligako seigarren jardunaldiko partida izango da, eta helburu bakarra izango dute horiek: garaipena. Orain arte lau lehia galdu eta bakarra berdindu dute irundarrek, eta premia dute puntuak pilatzen hasteko. Hasieratik Asobalen aritzea zaila izango zela bazekiten Bidasoa-Irunekoek, eta borroka horri itxaropena gehitzeko baliagarria izan daiteke gaurko partida.
Partidaz gain, beste bi gai dira gaur aipatzekoak. Batetik, partidaren atarian Bidasoa Eskubaloi Taldeak Hondarribiko arraunlariak omenduko ditu Kontxa irabazi dutelako. Bestetik, irundarren elastikoa ez da hain horia izango gaurtik aurrera, babesle berriaren izena eta logotipoa eramango dituelako: Pitch, Paquier gozogintza enpresaren produktuetako bat.