Amaia Agirregabiria eta Migel Mari Torrea, gaur, azalpenak ematen
Amaia Agirregabiria alkateak eta Migel Mari Torreak Pasaiako Udal Gonbernu Taldearen izenean salatu dute gaur Pasaiaren biziberritzerako “oztopoak” jartzen ari direla hainbat erakunde. Horren adibidetzat jarri dute URA agentziak —Eusko Jaurlaritzaren barruko erakundea da— ez dituela baimendu Antxoko parke eta pilotaleku berria egiteko lanak, edo Donibaneko saneamendua berritzea ez dagoela euren lehentasunen artean: “Ez dugu ulertzen zergatik hainbeste oztopo, zergatik galerazten diren herritarren ongizatea bermatzearekin harreman zuzena duten ekimenak. URA agentzia EAJren zuzendaritzapean dago”.
Horregatik, erakundeei dei egin die gobernu taldeak “erantzukizunez” joka dezaten, “biziberritzea behin betikoa” izan dadin, eta azaldu du udal erakundea prest dagoela “elkarlanean akordioetara iristeko”. Horren adibide bezala jarri dute hainbat erakunderekin izaten ari diren hartuemanak, aldundiarekin, Jaurlaritzarekin berarekin edo Pasaiako Portu Agintaritzarekin kasu: “Tadeak biziberritze integralean sinisten du, eta horrek esan nahi du pasaitarren ongizatea bermatuko duen guztia hartzen duela prozesuak; pasaitarrek izan behar dute ardatz, eta Pasaiari buruzko erabakiak Pasaian hartu behar dira”.
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzak duela hilabete biziberritzearen gaineko protokoloa argitara eman zuela jakinarazi du alkateak, “eta horren gainean lanean aritu gara, eta ekarpenak egin ditugu”. Elkarlana oinarritzat hartuta egin nahi du biziberritzearen alde gobernu taldeak, “eta lehenbailehen konpondu nahi ditugu arazo hauek. Guztien parte hartzea bultzatuta adostasuna bilatuko dugu”.