Julen Mendoza Errenteriako alkatea
Bakearen Aldeko Alkateen Nazioarteko Konferentzian parte hartuko du bihar, 17:30etik aurrera eta Kursaalen, Julen Mendoza Errenteriako alkateak. Harekin batera, tokiko erakundeek bakegintzan egin dezaketenari buruz gogoeta egingo du Mendozak Elgoibarko alkatearekin eta Irungo alkate Jose Antonio Santanorekin batera. Errenteriako alkatearen hizketaldiaren abiapuntua izango da udal administrazioek bakegintzaren eta normalizazio politikoaren bidean garrantzia dutela, “nik uste dut hor asko esateko dugula. Eta bereziki bakegintzaren bidean berebiziko garrantzia duen atal batean: berradiskidetzea”.
OARSO BIDASOKO HITZA-ri Mendozak esan dionez, udalak herritarretatik gertuen dauden erakundeak dira, eta udalek ahalegina egin behar dute bakegintzaren bidean, “herritarrak ezagutzen ditugu, euren arazo txikienak ere ezagutzen ditugu. Gertutasun horrek ematen digu aukera berradiskidetzearen alorrean gure lana egiteko”.
Eta bide horretan urratsak egin ditu Errenteria-Oreretak. Horren adierazle da urte hasierako Eraikiz ekimena. Mendozaren arabera, esperientziak azaltzea izango da bihar alkateek izango duten ardura, eta esperientzia horietako batzuk diskretuak direla onartu arren, —”horietaz ez dut hitz egingo” dio Mendozak—, beste batzuek publikoak izan direla zehaztu du, Eraikiz bezala: “Sona mediatikoaz gain, gure herrian berradiskidetzearen alorrean garrantzia handiko ekimena izan zen. 300 pertsonak lau egunetan auditorio bat betetzea, hain anitzak izan ziren testigantzen berri izateko eta errespetuzko giro batean, oso garrantzitsua izan zen hori”.
Errenteria-Oreretako esperientzia Bakearen Aldeko Alkateen Nazioarteko Konferentzian egotea nabarmentzekoa dela uste du Mendozak, eta konferentziaren antolatzaileek horregatik gonbidatu dutela uste du alkateak. “Historikoki bere pisua izan du Errenteria-Oreretak. Liskar handiak izan dira bertan, eta asko sufritu duen herria izan da alde batean eta bestean. Zentzu horretan garai berri bat zabaltzen ari gara, eta modu horretan onuragarri bihur daiteke gure errealitatea horrelako foro batean azaltzea”.