
Udaleko eta euskaltegietako kideak Mintzalaguna aurkezten
Irungo Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea hilaren 14an zabalduko dute, 19an bukatzeko. Horren bidez, 4-5 laguneko taldeak osatu, eta euskara dakitenak ikaste prozesuan daudenekin nahastuz, euskara praktikatzeko aukera dute hizkuntzan trebatu nahi dutenek, euskara erabiliz, “asmoa da euskara erabiltzeko aukera ematea ikasten ari denari”, esan zuten atzoko aurkezpenean egitasmoaren bultzatzaileek: Irungo Udala, udal euskaltegia, AEK eta Herri Jakintza.
Euskara era naturalean erabiltzeko egitasmoa da Mintzalaguna, aisia ekimenak, tailerrak, kultur ekimenak edo bestelakoak egiten. Hala, horretan izena eman nahi dutenek Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegotik pasatu behar dute izena ematera; hiriko euskaltegietan ere dago izena emateko aukera. Internet bidez ere eman daiteke izena (kasu honetan hilaren 20ra arte) udaleko
Euskara zerbitzuaren atariaren bidez.