Hendaian parte hartuko duten bertsolarien irudiak
Beltzenia ezker paretan jokatuko dute larunbatean (hilak 12), 17:30ean hasita, Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketa. Hendaian irabazten duen bertsolaria Gernika-Lumoko finalaurrekora sailkatuko da zuzenean. Sarrerak
www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai, baita Hendaiako Beltzenia pilotalekuko Bakarxoko Ostatuan ere.
Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto dira larunbatean oholtzaren gainera igoko diren bertsolariak. Iñaki Zelaia hernaniarra da horietatik Txapelketa Nagusia hobekien ezagutzen duena, bosgarren parte hartzea baitu. Amaia Agirrerentzat hirugarren aldia da eta Julio Sotorentzat, berriz, bigarrena. Felix Zubiak, Iban Urdangarinek eta Iñaki Apalategik lehenenegoz kantatuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Gainerako kanporaketa guztietan bezala, sei bertsolariek honako lana egin beharko dute:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Hendaiako kanporaketan irabazten duenak azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekora sailkatuko da. Orain arte jokatu diren kanporaketetan Amasa-Villabonan irabazi zuen Jon Martinek eta Markina-Xemeinen irabazi zuen Agin Laburuk lortu dute finalaurrekoetarako zuzenean sailkatzea.