Azken urteetan egindako lana azalduko du Arraztalok
Arraztalo Oiartzungo gaixo psikikoen elkarteak lehen aldiz antolatu duen jaialdia izango da ostiralean (hilak 11) Arizmendieneako lorategian (Aialde kalean), “oiartzuarrek arrunt gustuko duten lorategian”, Kotxi Larrañaga Arraztaloko kidearen hitzetan. “Donostian eta beste tokietan horrelako jaialdiak ugariak dira, baina guk ez dugu sekula egin. Aurten animatu egin gara”, adierazi du.
Jaialdiak bi zati izango ditu. Batetik, irekiera ekitaldia egingo dute: “Oiartzuarrek Arraztalo zer den badakiten arren, azken urteko lanaren laburpen bat egingo dugu”. Hala, traktorearen kanpaina azalduko dute eta lagundu dieten guztiei eskerrak eman. Kontsumo taldearen azalpen laburra ere emango dute eta baratzeetan egiten den lana adieraziko dute. Bideo batzuk ere proiektatuko dituzte egiten duten lana adieraziz.
Jaialdiaren bigarren zatia musikak hartuko du. Herriko Ibargain Musika Eskolako bi taldek kontzertua emango dute, Nau eta Hiru Bi Band! taldeek, hain zuzen ere.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta 21:00etan bukatuko dutela aurreikusten dute.
Ostiralean Kontxi Larrañagari egindako elkarrizketa argitaratuko du OARSO BIDASOKO HITZAk.