Irungo erakustazokaren hamargarren urteurrenean etorkizunera begira jarri dira Ficobaren arduradunak
Ia milioi bat bisitari, 1.500 jarduera baino gehiago, eta 51 milioi eurotik gorako efektu induzitua. Horiek dira 2003an zabaldu zenetik Irungo Ficoba erakustazokak utzi dituen zenbaki potoloak. Hori bakarrik ez. Erakustazoka kudeatzen duen patronatua guztiz osatu da, hamargarren urteurrena ospatzeko atzo Irunen egin zen ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen bertako kide izango dela.
Irungo eta Donostiako udalekin, Gipuzkoako eta Baiona Pays Basque merkataritza ganberekin, Bidasoa-Txingudi partzuergoarekin, Bidasoako Erakustazokak elkartearekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera osatuko du aldundiak partzuergoa. Martin Garitano ahaldun nagusiak esan zuen Ficoba “gipuzkoar guztiona” dela, “baita euskaldun guztiena ere. Proiektuak batzen gaitu, eta elkarrekin partekatu nahi dugu”. Instalazioen aldeko apustua egiten duela esan zuen aldi berean Garitanok. Fundazioaren estatutuek aurretik aurreikusia zuten aldundia bertako kide izatea, baina orain arte ez da hori gauzatu. “Aldundia egotea faktore gakoa da proiektua normalizatzeko eta Gipuzkoa osoko erakustazoka bilakatzeko”.
Jose Antonio Santano Ficoba Fundazioaren lehendakariaren hitzetan, hamar urtean “arazoak eta laguntza falta” izan ditu erakustazokak, “baina lanak eta ahalegin
ak azoka behar duen tokira eraman dute. Apustu honekin pozik eta harro gaude”.
Etorkizuna
Orain arteko azoken bideari jarraitu nahi dio Ficobak. Baina ekitaldi profesionalak nahiz erakundeekin eta kulturarekin lotutako jarduera gehiago lortu nahi dituzte. Enpresen eskura ere utzi nahi dituzten erakusketaren pabilioiak euren jarduerak ezagutarazi ditzaten, eta administrazio mugak ere hautsi nahi ditu, Santiagoko zubiaren alde bateko zein besteko bisitariak nahiz ekimenak jasoz. Horeek Ficoban bakarrik ez, inguruko herrietako jatetxeetan, hoteletan eta ostalaritza zerbitzuetan eragin positiboa izan dezakeela uste dute.