Udalak eta aldundiak Pasaia birgaitzeko "anbizio gutxi" dutela uste du Ezker Anitzak
Pasaiako Ezker Anitzak adierazi duenez, udal gobernuak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak badia birgaitzeko “anbizio gutxi” dute. Euren esanetan, azken hilabeteetan “albiste kezkagarriak” jaso dituzte: “1.200.000 euroko diru laguntza datorren urtera arte atzeratzea erabaki du aldundiak. Bi erakundeen arteko hitzarmenaren barruan dago diru kopuru hori. Horrez gain, zorpetze muga handitzeko aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak egin duten akordioa. Gipuzkoari 60 milioi dagozkio, eta horietatik hemezortzi aldundiak kudeatzen ditu zuzenean. Azkenik, Albaolaren Itsas Kulturaren Zentroari bideratuko zaizkion 300.000 euroak daude. Ongi iruditzen zaigu, baina bideratuak egon beharko lukete, eta ez salbuespen izan”.
Koalizioaren arabera, kudeaketa “ona” pasaitarrak informatzea da, “aldundiarekin beste hainbat inbertsio negoziatzeaz gain, atzerapena konpentsatze aldera”. Gaineratu dutenez, “hori ez da egiten, eta egitekotan, ez zaie pasaitarrei informatzen”.
Bildu kritikatu dute. Alde batetik, uste dute aldundiari Gipuzkoako alde degradatuenak “bost axola” diola. Bestetik, Udal Gobernu Taldeari “esfortzu handirik ez duela egiten somatzen zaiolako”. Ezker Anitzak esan duenez, “ezker abertzalea Ezker Anitzak azken bi agintaldietan Pasaia hobetzeko lortutako lorpenei esker bizi da”.
Bilduri “martxan jartzeko” eskatu diote: “Bada garaia. Ez dugu pentsatu nahi agintaldiaren azken urtearen zain daudenik inbertsio handiak eskuratzeko. Hori ikusi dugu, eta badakigu nola bukatzen den”.