Adinduen egoitzako inkesten emaitzak "positiboak" izan direla dio udalak
Joan den irailean Errenteriako Udalak asebetetze inkesta bat egin zuen Jesusen Bihotza Egoitza zaharren egoitzako erabiltzaileen artean, eta orain inkesta horren emaitzak jaso ditu. 116 elkarrizketa egin dituzte, erabiltzaileen %86ko parte hartzearekin, eta hainbat zerbitzuri emandako puntuazioa 7,91 (bizikidetasuna) eta 8,55 (langileen tratua) puntukoa izan da. Azkenik, eraikinari berari 8,95 puntuazioa eman diote, 2007an baino 0,63 gehiago.
Jon Txasko egoitzako presidenteak jakinarazi duenez, “jasotako emaitzak oso positiboak” izan dira, eta batez ere, erabiltzaileen asebetetzea “progresiboki handitzen” ari dela erakutsi duela. Horrez gain, laguntza zerbitzua etengabe hobetzeko lanean jarraitzen dutela nabarmendu du.
Inkesta hori bi urtean behin egiten dute, eta 2003an ezarri zuten kalitate sistemaren markoan kokatzen da. Sistema horri esker lortu zuten ISO 9011-2008 kalitate ziurtagiria.