%15,8 jaitsi da Pasaiako portuaren trafikoa aurten, ikatzagatik batik bat
Aurtengo irailean, iazko hilabete berberarekin alderatuz Pasaiako portuaren trafikoa %1,6 igo arren, azpiegiturak aurten %15,8ko jaitsiera darama merkantzien joan-etorrian. Portu Agintaritzatik jakinarazi dute batik bat jaitsiera hori eman dela ikatz trafikorik ez dagoelako jada bertan: Donibaneko zentral termikoarentzako zen ikatz hori, eta zentrala itxi dutenez, portuaren trafikoan nabaritu da hori ere. Portutik esan sute 2012ko urtarriletik irailera 32.000 tona ikatz sartu zirela Pasaian, eta aurten, zero. Horrela, ikatzagatik ez balitz, portuaren trafikoa %3 inguru jaitsiko zela esan dute portuko iturrietatik.
Hortaz, aurtengo trafikoaren zenbatekoa 2,8 milioi tonatan ezarri dute azpiegituraren kudeatzaileek,”urte hasieran egin genituen aurreikuspenak betetzeko bidean gaude”. 2014an 3 milioi tonara iristea espero dute, “siderurgia gaietan eta automoziokoetan susperraldia” izango dela uste dutelako; aurten, hurrenez hurren, %10 eta %3,5 jaitsi dira trafiko horiek. Alta, trafiko berriak Pasaiara erakartzea ere aurreikusi du Agintaritzak, tartean edukiontziena.