Oiartzun ibaian presarik ez berreraikitzeko eskatu dio Papresari Eguzkik
Eguzki talde ekologistaren arabera, uren kalitatea hobetzen hasi denetik, izokinen eta beste arrainen egoera hobetzen ari da Oiartzun ibaian, eta batez ere, 2011ko uholdeetan Fanderiako presa hondatzearekin batera gertatu dela adierazi du. Zentzu horretan, Papresari ura jasotzeko beste sistema alternatibo bat bilatzeko eskatu dio, eta presa berreraikitzeari uko egiteko. Horrek ingurumen kalteak ekarriko dituela uste du talde ekologistak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuei begiratu die Eguzkik hori arrazoitzeko. Horien arabera, hamarkadetan desagertuta egon den izokin atlantikoaren aleak azaldu dira Oiartzun ibaian.
Ildo horretatik, gaur egun ura jasotzeko bitarteko eta teknologia nahikoak daudela iritzi dio Eguzkik, eta “ingurumen eragin txikiagokoak” direnak: “Bada garaia administrazio desberdinek enpresa zigorgabe honi legedia aplikatzea exijitzeko, eta biztanleei zein ingurumenari eragiten dizkien kalteak murrizteko”.