Etxean da Manu Ugartemendia
Atzo 20:30 aldera atera zen Madrilgo Soto del Real espetxetik Manu Ugartemendia. Goizaldean iritsi zen Errenteria-Oreretara, 01:30 aldera, eta hainbat herritarrek ongi etorria eman zioten. Goizean ordaindu zioten bermea, baina iluntzera arte ez zen aske geratu tramiteekin izandako hainbat arazorengatik.
Astelehenean atxilotu zuten Ugartemendia Herrira-ren kontrako polizia operazioan. Herenegun, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, 20.000 euroko bermea ordaindu bitartean. Hemezortzi atxilotuetatik guztiak geratu dira aske, horietatik lau bermepean. Ugartemendiarekin batera, atzo irten zen espetxetik ere Jesus Mari Aldunberri.
Nolanahi ere, preso egongo ez diren arren, ez dira erabat aske gelditu: inputatuta jarraituko dute, pasaportea kendu diete, eta hamabostero joan beharko dute polizia etxera, sinatzera. Eta gainera, ezingo dute orain arte egiten zutena egiten jarraitu. Epaileak “talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea” leporatzen die.
Horrez gain, Herrira-ren egoitzak bi urterako itxita geratuko dira, hainbat erabiltzaileren twitter kontuak eta web orriak itxita geratuko dira eta bankuen kontuak blokeatuta.
Bilbora
Polizia operazioak ekarri duen guztia salatzeko gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetan barrena. 17:30ean aterako da Casillatik. Eskualdeko herri guztietatik aterako dira autobusak Bizkaiko hiriburura.
Egun hauetan asko izan dira atxilotuek eta Herrira-k berak jasotako babes keinuak. Atzo, gehiengo sindikalaren deialdiari erantzunez, kalera irten ziren langileak eta bestelako herritarrak Konponbidearen alde lelopean.
[nggallery id=39]