Espainiako Gobernuaren "estrategia politiko-judiziala" salatu dute Pasaian
Herrira-ren kontrako operazio polizialaren harira udalbatzar berezia egin zuten atzo Pasaiako Udalean. Bertan bi mozio izan zituzten aztertzeko, bat Pasaiako Bildurena eta bestea Bilduk eta EAJk adostutakoa —Gipuzkoako Batzar Nagusietan testu berberarekin mozioa aurkeztu zuten, eta onartu, bi alderdi horiek—. Biak ala biak aurrera atera ziren, eta biek salatu dute “Espainiako Gobernuaren estrategia politiko-judiziala”. Alderdi guztietako zinegotziak izan ziren 45 bat minutu iraun zuen udalbatzarrean, PSE-EEkoak izan ezik. Herritarrak ere izan ziren bertan, eta euren iritzia emateko aukera izan zuten.
Lehen mozioa, Pasaiako Bildurena, aurkezleen aldeko botoarekin (8), EAJren abstentzioarekin (2) eta PP nahiz Pasaiako Ezkerraren kontrakoaekin (3) atera zen aurrera. Bertan, Herrira-ren kontrako operazioa “herri honen gehiengoari eta konponbide prozesuari” egin zaion erasoa dela azaltzen du testuak, eta Herrira-ren “kriminalizazioa” salatzearekin batera, atxilotutakoak “berehala askatzeko” eskatzen du. Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena ere onartu zuten zinegotziek Bilduren mozioan hala agertzen delako, “euskal presoen euskal herriratzea eta bere eskubide guztien aldarrikapena bat egiten du Pasaiako Udalak”. Hala, biharko Bilboko manifestazioarekin bat egiten du ere udalak. Azkenik, “gatazka politiko eta armatuaren parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei” eskatu die udalak “prozesuari etengabe ekarpena egin eta jarrera eraikitzailearen bitartez laguntzeko”.
Bigarren mozioa, Bilduk eta EAJk adostutakoa, gehiengo zabalagoarekin atera zen aurrera, Bilduk (8), EAJk (2) eta Pasaiako Ezkerrak (1) horren alde bozkatu zutelako, PPren kontrako bozkekin bakarrik. Bertan, “dena ETA da tesia aktibatzeko” Espainiako Gobernuaren “estrategia politiko-judiziala” salatzen da, eta “bake prozesua bultzatu beharrean salbuespenezko legedia” erabiltzen dutela Espainiako Auzitegi Nazionalaren bitartez. “Euskal heritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta Herrira-ren barruan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotutako pertsona guztien askatasuna” ere eskatzen du mozioaren testuak.