Bermea ordainduta du Ugartemendiak, baina espetxean jarraitzen du
Gaur goizean ordaindu dute Manu Ugartemendiari ezarritako 20.000 euroko bermea, OARSO BIDASOKO HITZAk jakin ahal izan duenez. Hala eta guztiz ere, Soto del Realeko espetxetik ez dela iluntzeko zortziak baino lehen aterako adierazi diote HITZAri, hala nola, tramite kontuak direla eta.
Astelehenean atxilotu zuten Ugartemendia Herrira-ren kontrako polizia operazioan. Atzo, Eloy Velasco epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen, baina 20.000 euroko bermea ordainduz gero libre uzteko aukerarekin. Polizia operazioan atxilotutako hemezortzi kideetatik hamalau aske geratu dira. Beste lauei (Ugartemendia tarteko) 20.000na euroko bermea ezarri zien. Bi dagoeneko aske daude, Ugartemendia eta Jesus Mari Aldunberriren zain.