Ricardo Abadek Hondarribian hasiko du 52IM erronkako 41. ironman proba
52 Iron Man jarraian, astero bat urtebete bete arte, hori da Ricardo Abad Martinez atleta tafallarrak duen erronka, eta horietako bat, 41.a, Hondarribian hasiko du hilaren 13an. Ekimenak helburu solidarioa du eta, eginez gero, munduko marka ontzeko balioko dio, 42 ironmanetan ezarrita dagoena.
Hilaren 13an, 08:00etan hasiko du bere jarduna nafarrak. Aurrena, 3,8 kilometro egingo ditu igerian hondartza parean eta lan hori amaituta bizikleta hartuko du N-121 errepidetik 180 kilometro egiteko Nafarroa zeharkatuz, Bardeetara bidean. Han, Bardea Zurian korrikaldia hasiko du, 42 kilometro eta 195 metro bete arte.
Bistan denez, distantzia luzeko korrikalaria da Abad, eta jarraian egindako maratoien munduko marka du, 607 egunetan egunero-egunero maratoi bat korritu eta gero. Helburu solidario batekin burutu zuen erronka hori eta helburu berarekin ari da 52IM egitasmoan. Izan ere, bere erronkek duten oihartzunari esker biltzen duen diru guztia adimen urritasuna duten pertsonen alde lan egiten duen ANFAS elkartera bideratzen du.